PROGRAMAK
1. Harrera: 1. elkarrizketa
Lehen harremana egin ondoren –normalean, telefonoz edo, bestela, posta elektronikoz edo sare sozialen bidez–, lehenengo elkarrizketa izateko hitzordua finkatzen da. Elkarrizketa horretan, mendekotasuna duenari eta/edo haren senideei harrera egiten zaie.
Harrera horretan, garrantzitsua da mendekotasuna duenari babesa adieraztea eta entzutea, kezka handiz joaten direlako eta nola jokatu jakin gabe.
Gainera, antsietate handia izaten dute arazoaren iturburua den jokabideak sortu dien muturreko egoera dela-eta. Orientabidea eta berehalako laguntza eskaintzen zaizkie, mendekotasuna baztertzen hasteko.
Oinarrizko eta larrialdiko jarraibide batzuk ematen zaizkie paperean, terapia-programarekin hasteko. Banakako terapia psikologikoa jasotzeko baliabide mugatuak ditugunez, baheketa bat egin behar izaten dugu, arreta hori jasotzeko daukaten lehentasuna finkatzeko. Hala ere, lehenengo egunetik, autolaguntza-taldeetara joan daitezke.
Hona hemen elkartearekin izaten den lehenengo harreman horren helburuak:
- Pertsonari harrera egitea, ulertzen diogula, babesten dugula eta entzuten diogula sentiaraztea.
- Bere mendekotasunari buruzko informazioa ematea, zertan datzan jakinaraztea. Zalantzak argitzea eta buruko nahasmendu bat dela azaltzea.
- Elkartearen jarduerari eta laguntzeko eskura uzten dizkiegun baliabideei buruzko informazioa ematea.
- Larrialdiko/jarduteko lehenengo jarraibideak ematea.
- Aurrera eraman beharreko honako ekintza hauek zehaztu eta finkatu: ahalik eta lasterren joatea autolaguntza-taldera eta, gero, nahi izanez gero, banakako terapia psikologikoa hastea.
2. Banakako arreta psikologikoa
Banakako terapia psikologiko kognitibo-konduktualak norbere beharren araberako banakako arreta ematea ahalbidetzen du, nagusiki tratamendua behar bezala egiteko.
Kasu bakoitzaren behar zehatzetara egokitzen da, erabiltzaile bakoitzaren neurrira eginda.
Terapian, pertsonaren bizi-sistema berregituratu egiten da, eta berrerortzeen prebentzioa landu.
Esku-hartzearen helburuak:
- Ausazko jokoetan abstinentzia lortzea, eta/edo gainerako mendekotasun psikologikoetan, erabilera egokia eta kontrolatua lortzea.
- Neurrira egindako banakako terapiak aplikatzea.
- Mendekotasuna duenaren bizitza berrantolatzea eta hark ohiturak aldatzea.
- Erabiltzaileei berrerortzeak saihesteko gaitasunak ematea.
- Beren ekonomia administratu, eta zorrak –baldin badituzte– modu errealistan itzultzeko gai izan daitezen lortzea.
- Familia-egoera berregituratzea, kaltetua izan bada, eta familia-antolaketaren funtzionamendua egokia izatea.
3. autolaguntza-taldeak
Autolaguntza-talde horiek elkarri entzuteko eta laguntzeko lekuak dira.
Autolaguntza-taldeen funtzioa da bai mendekotasuna duenak, alde batetik, bai senideak eta/edo laguntzaileak, bestetik, taldearekin identifikatzea, enpatizatzea, esperientziak eta bizipenak partekatzea eta, horrela, beren egoera ulertzea eta onartzea eta konpromiso pertsonala eta indibiduala hartzea, baita taldearekiko konpromisoa ere.
Autolaguntza-taldearen helburuak:
- Taldeko kideekin identifikatzea, enpatizatzea eta mendekotasuna ulertzea.
- Nahasmenduaren larritasunaz ohartzea, eta norberaren kabuz aurre egitea zaila dela eta senideen, profesionalen eta gizartearen laguntza behar dela jabetzea.
- Jarraipena egitea.
- Patologia bera edo antzekoa dutenei beren bizipenak, kezkak, arazoak eta zailtasunei aurre egiteko moduak adieraztea.
- Komunikazioa eta autoestimua hobetzea.
Autolaguntza-taldeak errehabilitazio-prozesuaren funtsezko alderdi bat dira. Mendekotasuna dutenek, hasieran, mendekotasuna ukatzen dute, baina autolaguntza-taldeetan beren bizipenak islatuta ikusten dituzte, beren egoera berean dauden beste pertsona batzuen testigantzetan. Horixe da bizi duten egoerari irtenbide bat eman ahal izateko lehenengo pausoa.
Talde horiek astean behin biltzen dira.
Talde horren osagarri, emakumeentzako talde espezifiko bat dago, eta hamabostean behin edo beharren arabera biltzen da. Talde horren helburua errehabilitazioa eragozten edo zailtzen dituzten oztopoak (sexualitatea, zaintza, familia, ahalduntzea, erasoak, rolak, arazoak sortzen dituen jokabidearen arrisku-faktoreak, emakumeengan mendekotasunek sortzen duten estigma…) deuseztatzea da, baita taldearen barruan konplizitate handiagoa sortzea ere.
4. Prebentzio-programa, informazio- eta sentsibilizazio-hitzaldiak
Informazio. eta prebentzio-hitzaldien helburua da jokoaren nahasmenduaren arazoa agerian jartzea eta horri buruz informatzea . Arazo hori herritarrengana hurbiltzea, eta errehabilitatutako pertsonaz osatutako elkarte honetan zer baliabide aurkitu ditzaketen jakinaraztea, baita boluntarioek gure elkartean zer eginkizun duten ere.
Herritar guztientzat irekitako hitzaldiak ematen ditugu, kultura-etxeetan eta beste elkarte batzuetan, egun zehatzetan (urriaren 29an, apusturik eta ausazko jokorik gabeko egunean, adibidez), eskatu ahala.
Ikasturtean, gure teknikariek jokoaren nahasmendua prebenitzeko hitzaldiak ematen dituzte bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, batxilergokoetan, erdi eta goi mailako ikastetxeetan, ikasketa teknikoetako zentroetan, lanbide-heziketakoetan, unibertsitateetan. Irakasleek eta IGEek ere jasotzen dute mota horretako prestakuntza. Gutxi gorabehera ordubetekoak izaten dira.
Prebentziozko hitzaldi horien bidez –joko arduratsuari buruzko hitzaldiak deitzen diegu–, gizarte-kontzientzia sortzeko helburua daukagu.
5. Boluntarioak
Boluntarioak dira elkartearen zutabe nagusia, eta hasieratik egiten den lan ona bultzatzen duen motorra. Nagusiki, errehabilitatu diren pertsonak eta haien senideak dira boluntarioak, eta beste batzuei beren bidea aurkitzen lagundu nahi diete.
Autolaguntza-taldeak dinamizatzen dituzten boluntarioek gainbegiratze-saioak egiten dituzte langile teknikoekin. Taldeetan sortzen diren egoera konplexuenei buruzko analisi bat egiten da, horiei buruz hausnartzeko, irtenbideak bilatzeko eta horien inguruko zalantzak eta kezkak planteatzeko.
2019ko urtarriletik SAREGINEZ sarearen barruan gaude, eta hilean behin biltzen gara jarduerak antolatzeko, prestakuntza jasotzeko eta beste elkarte batzuekin sinergiak sortzeko.